"Euskarazko hitz ohikoenak hasi nintzen errumanierara itzultzen. Konturatu nintzenerako, 200 bat hitz nituen itzulita. Orduan, hitz horiek alfabetikoki ordenatzen hasi nintzen, eta, azkenean, espero nuena baino lan osatuago egin dut», dio Raul Baiţuc gazteak.
Raul Baiţuc (Timisoara, Errumania, 1993) duela 10 urtetik bizi da Donostian, eta errumanieratik euskarara eta euskaratik errumanierarako hiztegia egin berri du. Orotara, 22.000 hitz inguru itzuli ditu, 15 hilabeteren barruan. «Aitak bultzatu ninduen hitzak itzultzen hastera. Hark oinarrizko hitzak zekizkien; kaixo, eskerrik asko... Hitz gehiago ikasteko asmoz, aitarentzat hasi nintzen itzultzen, baina, denborak aurrera egin ahala, itzultzen jarraitzeko helburua jarri nion neure buruari».
Errumanierak 32 hizki ditu, euskarazko alfabetoak baino gehiago. Gainera, a, s eta t hizkietan hainbat zeinu jartzen dira, eta horrek zaildu egin du lana. Horrez gain, hitz bakoitzak dituen esanahi anitzak ez nahasteko, gazteak lau hiztegi erabili ditu: «Euskarazko hiztegia erabiliz hasten nuen prozesua. Hiztegi horretan hitz bat aztertzen nuen, eta, ondoren, hitz hori gaztelaniazko hiztegian begiratzen nuen, hitzak esanahi bera zuela egiaztatzeko. Ondoren, gaztelaniatik errumanierarako hiztegian bilatzen nuen hitz bera. Azkenean, errumanierako beste hiztegi batean begiratzen nuen, hitzek izan ditzaketen adierez ziur egoteko». Eta horrela geratu da hitza itzulita euskaratik errumanierara.
Irakurri Ane Olaizolaren artikulu osoa "Berria" egunkarian:
http://paperekoa.berria.info/plaza/2010-03-16/048/005/Hizkuntzen_arteko_zubia.htm
Niciun comentariu:
Trimiteți un comentariu